XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eskainitako omenaldia ere baden gaurko kontzertu honetan, gure jeinuaren Ilargi zuriko sonata interpretatuko du gure alabak.

Behin aukera eginda gero, eguraldi lainotsua izan genezakeen, baina jainkoak geure alde izan ditugu, eta, zorionez, oskarbi baino oskarbiago dago.

Eta nola ez ditugu jainkoak geure alde izango -diot nik-, gure alaba ere jainkozkoa denean, berak joko duen musika bezalaxe?

Itzali, bada, aretoan dauden argi guztiak, zabaldu gortinak... eta beha iezaiozue ilargiaren ispiluari, non hemendik gutxira zeruko aingeruak dantzan ikusi ahal izango dituzuen, zerua eta lurra bat eginik, musika eta paisaia.

Zuekin, jaun-andreok, Violeta Soler, gure alaba.

Itzali zituzten argiak, pianoaren inguruan zeuden kandelenak izan ezik, bildu gortinak, eta areto zabala beste espazio zabalago hartara jaio zen, non neurtezina egiazko neurri bihurtzen den, mugaezina egiazko muga.

Eta jo zuen Violetak lehen nota, eta lehen nota hura mundu izendaezin haren atea irekitzen zion giltza zela ohartu zen Konrad.

Eta iragan haurtzaro edo nerabezaroko unerik zoriontsuenak berreskuratu bailituan, bere baitarekin bat eta oso sentitzen zelarik, aitarekin zeppelinez egindako hegaldi hura oroitu zuen, globo gidagarriak grabitatearen legeak hautsi zituenean... baina han lege fisikoak ziren nagusi, eta orain, berriz, izpirituarenak, eta izpirituaren indarrez, areto hura beste zeppelin bat zela nabari zezakeen, kosmosa zeharkatuz gauaren bestaldera zihoana; begiak itxi eta Hans eta bere ama hilen irudiak entzun zituen, haien ahotsak ikusi, zeruko astroen musikarekin bat eginik, entzumena eta ikusmena, do-gorri, mi-hori, sol-zuri; eta begiak ireki zituen gero eta Violeta ikusi zuen (...).